Elkartearen ibilbidea


“Beloaga Bizirik” Kultur Elkartea Oiartzungo lagun talde batek sortua da. Joxe Etxezurieta, Iñigo Bengoetxea, Joxemari Iturrioz, Eduardo Etxeberria, Josemari Arzelus eta Patxi Arozamena dira bertako bazkide, besteak beste. Helburua Oiartzunen dagoen Beloaga gazteluaren hondarrak eta ingurua kontsolidatzea eta mantentzea, lan arkeologikoak bultzatzea eta gazteluarekin lotura izan ditzaketen dokumentu edo aipamen historikoak ikertzea eta hedatzea da. Horretarako erakunde publikoekin zein enpresa pribatuekin jarriko gara harremanetan, gazteluaren inguruan egon daitezkeen proiektuak bultzatzeko, eta, aldi berean, herritarrak proiektu horietan inplikatzen ahaleginduko gara.

Kontu hau guztia 2010ean hasi zen. Jakinik Beloaga gaztelu nafarra izan zela eta 2012an Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena zela, 2010eko udan garbitze lanetan hasi ginen, bertan Nafarroako bandera jartzeko asmotan. Gainera, Beloagaren inguruan zegoen dokumentazioa bildu genuen, eta harrituta geratu ginen gazteluak zituen aipamen historikoekin. Bestalde, jakin genuen bazegoela jende gehiago gaiarekin interesatuta, eta hainbat bilera egin genituen Nabarralde, Aranzadi eta Udalarekin. Azkenean, erabaki genuen Aranzadik Beloaga gaztelua kontsolidatzeko eta gizarteratzeko proiektu bat egitea. Proiektua Oiartzungo Udalak berak ordaindu zuen, baina diru laguntza falta zen aurrera eramateko.

2011-2012ko neguan Nafarroa Bizirik taldearekin jarri ginen harremanetan, eta haien materiala salduz, Nafarroako bandera eta mugarria finantziatu genuen. Abenduaren 31n Nafarroako bandera jarri genuen, eta 2012ko maiatzaren 12an, festa giroan, Beloagako mugarria inauguratu genuen, Erdi Aroko Nafarroako gaztelu askotan egiten ari ziren bezala, bertara igotzen direnak gazteluaren historiaren laburpena ezagutu ahal izateko.

Eta bitartean, garbitze lanak aurrera zihoazela, Erdi Aroko hainbat aztarna azaltzen hasi ziren. Hori ikusita, Aranzadikoekin harremanetan jarri ginen indusketa lanak hasteko, eta emaitza uste baino askoz hobea izan zen. Lan horien ondorioa 2012ko abuztuan Oiartzungo udaletxeko erakusketa izan zen, eta apirilaren 16tik 28ra, ikasleei begira, errepikatu zena. Erakusketarako dokumentu originalak lortu genituen, eta, Errenteriako Joakin Bengoetxeak Oiartzunen ezagutzen ez zen dokumentu berri bat lortu zuen.

2013an Beloaga gazteluaren beste bi aipamen lortu genituen Joakin Bengoetxeari esker. Urte horretan, garbitze lanekin jarraitzeaz gain, Anderregiko hilarri erromatarraren kopia bat egin genuen eta gazteluaren ibilbidean jarri genuen. Uda partean, aurreko urteko indusketan geratu zen 3 X 3 X 3 metroko zuloa tapatu genuen, Diputazioak agindu zuen bezala.

Irailean Elkartea sortu genuen, eta sinadurak eta 10€ko laguntzak biltzen hasi ginen, kontsolidatzeko proiektua bultzatzeko asmoz.